Antion egitekoa den interpretazio zentroaren inguruan zeresan ugari izan da. Antiok zumarragarrontzat duen esanahia izango ez balu agian aspertuta geundeke!
Baina duela gutxi irudi zehatzagoa egiteko aukera izan dugu. Izan ere, Zelai Ariztiko erakusketara gerturatu ez denak ere, buzoian jaso du interpretazio zentroa nola izango den irudia. Foileto moderno eta argia da. Grafikoki polita dela esango nuke. Baina zur eta lur geratu naiz. Eraikina naturarekin bat datorren edo ez alde batera utzita, tabernak hogei edo hogei mila lagun hartu behar dituen eztabaidatzen sartu gabe, horren mantenuak sortuko duen gastua alde batera utzita, ezin dut ulertu halako eraikinak zer gordeko duen, halako erakusketa aretoetan zer zintzilikatuko duten, halako ikus-entzunezko aretoan zeri buruzko saioa izango den eta horri guztiari zerk edo zeinek emango dion bizia urteko 365 egunetan zehar. Antiok gugan sortzen duen sentimendu hori esentzia sortuta, pote batean gorde daiteke, baina nekez egingo dugu sentimendu horretatik erakarpen turistikoa. Ez nuke, hemendik urte batzuetara, herdoilak darion gune hutsa eta hotza izaterik nahi, honek Antioko benetako xarma xahutuko luke eta. Eta ez dut pentsatu nahi horrelakoa egitearen arrazoia “beste herrietan ere badagoelako” argumentu pobrearen menpe egingo dutenik. Horregatik zaila egiten zait Antio “hainbeste” maite dutela diotenek berarentzat horrelakorik egin nahi izatea.
Idoia Luzuriaga