Antioko taberna-jatetxea irekitze ekitaldian Zumarragako EHBilduk parte hartu ez izanak zenbait hedabidetan sortu duen harriduraren aurrean, iritzi publikoari gure jarreraren nondik norakoak azaldu nahi genizkioke:
Onartutako proiektuak ez du jaso gure taldeak eginiko ekarpen bat bakarra. Hortaz, ez dugu gure burua inondik inora proiektu horren partaide jotzen.
Ostalaritza zerbitzua esleitzeko pleguak egiten ari zirela gure desadostasuna agertu genuen eta onartu zirenean aurkako botoa eman genien.
Hortik aurrera erabaki genuen Antioko ostalaritza zerbitzua esleitzeko balorazio mahaian ez parte hartzea. Harrezkero, Udal Gobernu taldeak ez digu gaiaren inguruko informaziorik eman. Informazio hori jasotzea, bestalde, legez dagokigu.
Taberna-jatetxearen kudeaketa esleitzeko prozesuan uste dugu zenbait irregulartasun gertatu ahal izan direla. Uste dugu esaten dugu aktak irakurtzeko eta jasotzeko aukerarik ez dugulako izan, galarazi baitigute. Eta gaur da eguna, taberna-jatetxea martxan dagoela, akta horiek irakurtzeko eta jasotzeko aukerarik ez daukaguna
Gure taldeak hedabideen bidez izan zuen Antioko taberna-jatetxea irekitze ekitaldien berri eta oraindik ere ez dakigu zein izan zen antolatzailea: taberna-jatetxeko kudeatzailea ala Udala edo biak. Eta ez dakigu bertan sortutako gastuak zeinek ordaindu dituen. Esan den bezala, ez bazen Interpretazio Zentroaren inaugurazioa izan, taberna-jatetxea irekitzea baino ez bada izan, zer dela eta hainbesteko burrundada eta diru-xahutzea?
Horiexek izan dira funtsean Antioko taberna-jatetxea irekitze ekitaldian Zumarragako EHBilduk parte hartu ez izanaren arrazoiak.
Izan ere, prozesu hasieratik bukaerara Udal Gobernu taldeak erabaki guztiak aldebakartasunez hartu baditu, Zumarragako EHBilduri inolako errespeturik gorde gabe, ez zuen zentzu handirik gu hara joatea denak elkarrekin argazkia ateratzeko.
Xabier Barriola, Zumarragako EH Bildu