Zumarragako EH Bilduk Mikel Serrano alkateak eta Denis Itxaso Gipuzkoako PSE-EEko ingurumen idazkariak aste honetan hondakinen kudeaketari buruz egindako adierazpenei erantzun die
Aurreko asteazkenean, hilak 27, Mikel Serrano alkateak eta PSE-EEko Ingurumen arloko arduradun politiko Denis Itxasok salatu zuten erraustegia gelditzeak zumarragarroi 145.000 euro kostatuko zaigula. Baina ez da egin zuten adierazpen bakarra, izan ere, horrelakoak ere irakurri ditugu: “Zumarragan, printzipioz, zaborra ez da arazoa”.
PSE-EEko Udal eta herrialdeko arduradun politikoen hain adierazpen demagogiko eta oportunisten aurrean, Zumarragako EH Bildutik honako gogoeta plazaratu nahi dugu:
- Harrigarria da oso, orain arte sekula erraustegiaren kostuaren berri eman ez digutenak, kalkulagailua eskuan dutela azaltzea. Itxaso eta Serranoren esanetan, erraustegia egiteko obra gelditzeak 13 milioi euroko kostua izango du (zehazte aldera, benetan 8 dira eta ez 13 kostatuko zaiguna), baina esaten ez dutena da erraustegia egiteko kostua 500 milioikoa zela. Atera dezatela kalkulagailu sozialista eta ea ze alde dagoen Itxasok aipatutako 13tik 500era.
- Mikel Serranoren eta Denis Itxasoren hitzetan, erraustegia gelditzeak 145.000 euroko kostua izango du Zumarragarentzat. Kalkulagailu sozialista berbera erabiliz, erraustegia egiteak 9 milioi euroko kostua izango zuen Zumarragarentzat. Atera dezatela kalkulagailu sozialista eta kalkula dezatela 145.000 euro eta 9 milioi euroren arteko aldea.
- Ezkutatu duten beste gauza bat da erraustegia egin behar zuten enpresei ordaindu beharreko kalte-ordaina foru eta herri hauteskunde bezperetan EAJ-PNVk sinatutako kontratuaren ondorioa dela. Portzierto, kontratu-sinatzea ospatzeko diru-publikotik ordaindutako 2.860 euroko bazkari xumea egin zuten. Atera kalkulagailua.
- Erraustegia egin izan balitz, Gipuzkoa eta Zumarraga hipotekatzea ekarriko zuen. Are gehiago Gipuzkoan birziklatze-tasak dezente gora egin duenean, erraustegiak ez baitzuen nahikoa materiarik izango errentagarri izateko.
Erraustegia gelditzeko arrazoiak ugariak dira: ingurumenekoak, ekonomikoak, osasunari lotutakoak. Baina bada pisuzko arrazoi bat: EH Bilduk agindutakoa bete du, emandako hitza bete du. Erraustegia gelditzea eta hondakinen kudeaketan beste politika bat abian jartzea oso ardatz garrantzitsua zen EH Bildurentzat. EH Bilduk emandako hitza bete du eta erraustegia gelditu egin du.
Amaitzeko, Denos Itxaso jaunak hitzetik hortzera esan zuen: “Zumarragan, printzipioz, zaborra ez da arazoa”.
- Denis Itxaso jaunak ba al daki Zumarragako familia kopuru erdiak baino gehiagok ez duela 5. edukiontzia irekitzeko giltzarik jaso oraindik?
- Denis Itxaso jaunak ba al daki Zumarragako birziklatze-tasa %40koa dela, beste zenbait herritakoa %80 den bitartean?
- Zilegi al da birziklatu daitekeen erdia baino gutxiago birziklatzen dugun herriok %80 birziklatzen dutenei erraustegia inposatzea?
- Denis Itxaso jaunak ba al daki Zumarragako Udalak birziklatze-tasaren inguruko helburu neurgarririk ez duela ezarrita? Eta badaki Denisek neurtu ez daitekeena ez dagoela hobetzerik?
- Denis Itxaso jaunak ba al daki Zumarragako azokako hondakinak berezita jasotzeko eskaera mila aldiz egin badugu ere, Zumarragako Udalak ez duela urrats txikiena ere eman hori horrela izan dadin?
Ez birziklatzeko eskubidea birziklatzeko betebeharraren gainetik jarri behar al da? Birziklatu, berrerabili eta jarduera ekonomikoa sor ditzaketen baliabideak erretzea ez da herri moderno baten eredu, are gutxiago “herri jasangarri” batena.
Bizilagunok gure aldetik pittin bat jarrita eta kudeaketa publiko on batez lagundurik emaitzak erabat bestelakoak izango dira seguruenik. Hondakinak zabortzat jotzeari utzi behar diogu, baliabidetzat hartu behar ditugu hondakinok. Hondakinon birziklatzeak lanpostuak sortzen ditu, gasak atmosferatzea gutxitzen du eta ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeaz gain, bertako ekonomia sustatzen du, hain beharrezkoa dena ekologikoki eta ekonomikoki jasangarria izango den etorkizuna bermatzeko.
Nola lortu zumarragar guztiok 5. edukiontzia erabiltzea? Jarriko al dugu helburutzat 2014ko maiatzerako %60 birziklatzea?
Zumarragako EH Bilduk 2014ko abenduan Zumarragan birziklatze-tasa %60ra irits dadin lan egiteko konpromisoa hartzen du.
Zumarragako EH Bildu